Donostiar kaxkariñ kuttunak:
Bi urte izango dira otsaileko lehenengo larunbatean zuek bisitatu gabe. Aurten ere ez gara inauteri alaiaren abangoardia izango. Inauteriak ospatzekotan ere, ziur gaude ez direla iraganekoak bezain alaiak izango. 23 hilabete goibel igaro dira, pandemiak gure bizitzan etenaldia sortu du, eta guztion ahaleginaz aurre egin diogu birus ziztrin honi ahal izan dugun moduan.
Aurtengoa ez da daten arazoa, guri ez zaigu inporta 5ean edo 19an Donostiara etortzea. Guztiz kontrakoa, etortzeko irrikitan gaude! Kontua da, segurtasunez desfilatzeko hainbat baldintza bete behar genituzkela, eta ezingo ginateke gure osotasunean atera. Nire ustez, ezinbestekoa da gure tribu eta gure laguntzaile guztiekin -Bidasoako Txarangako Erraldoiekin, malabaristekin, su-irensle eta Hipikako zalditeriarekin-, Donostiako Parte Zahar maitetik desfilatu ahal izatea, denok baitgara konpartsako beharrezko osagarriak. Denon parte hartzerik gabe, konpartsa ez litzateke bere osotasunean aterako, eta beraz, ez ginateke gu garenak izango. Baina sekretu bat azaldu nahi dizuet, ahalegin guztiak egingo ditugu aurten zuek bisitatzeko, beste data batean bada ere.
Azkeneko bi urte hauetan Konpartsako kide biziki maiteak galdu ditugu. 2020an Txus Santamaria jatorra, Intxaurtze tribukoa galdu genuen. Tribuen bileretako anfitrioi paregabea, maitagarria, apala eta beti laguntzeko prest zegoen. 2021eko maiatzean, bibote aparteko kantari bikaina zen jauna, gure lagun on Carlos Fernández, Gaztelubideko tribuko kideak utzi gintuen. 2021eko amaieran Tomás Hernández Mendizabal, polifazetiko eta artistak agur esan zigun. Hiletan bere semeak gerturatu ginenoi ongi gogorarazi zigun moduan, ezeren gainetik galdaragilea zen Tomás. Tomás gure Konpartsako Ohorezko Galdaragilea zen. Berak hartu zuen Konpartsaren gidaritza eta bere kideekin batera, bultzada indartsua eman zion jaiari. Jai hau garatu zen horren ondoren, eta birusaren moduan, kasu honetan jai-birus alaigarria, auzoetako mugak gainditu zituen zoko guztietako donostiarrak kutsatuz, Hungariako Galdaragileen ospakizuna urrezko letra larriz Donostiako jai herrikoien egutegian idatziz.
Hau guztiagatik, eta Donostiako jai herrikoiekin eta kulturarekin konprometitutako artista gisa egindako ibilbideagatik, herritarren merezimenduaren domina jasotzeko hautagai izan zen Tomás hainbatetan. Nahiz eta herriaren babes handia izan, ez zuen inoiz jaso. Agian, egunen batean hilondoko titulua lor dezake, nork daki!
Ezin dizuet ziurtatu zer dagoen hain ibilbide bitxia den bizitza honen ostean: paradisu bat, zeruetako erreinua edo Valhalla. Nire ametsetan, hiru galdaragile aparta hauek dauden lekuan daudela, Kotian Lucas historikoaren –Tomasen lagun minaren– harrera bikaina jaso dute. Eta azken honen iritsierarekin, ziur naiz guk antolatu ezin izan dugun desfilea antolatzen hasi direla lehen baino lehen.
Belaunaldi guztietako kide bereziez osatutako Konpartsa da, hala nola historikoak diren Pepe Artola edo Shotero Irazusta (era txandakatuan uste dut) zuzendari izandakoak. Hain laguntzaile izan ziren zartagin nagusiak Jose Luis Perez edo Iñaki Coloma, azken honen omenez egungo tribu batek bere izena darama. Ziurrenenik erregina Lola Balenciaga izango da, dokumentuetan agertzen den lehena, beti ere beste erreginaordeek uzten badiote: Pilar Valdivieso edo Juan Arizpe hain zuzen ere, beren damak gurdi apainduetan doazela, gogoan ditudanak. Ez dira beren hartza hezitzen saiatuko diren domatzaile marmartiak (antzaz behintzat) faltako. Hartza Ramon Arruti izango delakoan naiz; haren seme, biloba eta birbilobak egungo Konpartsan desfilatzen duten bitartean. Ez dira galdaragile petoak faltako, Sacha Arregi edo Musku bezelakoak. Azken honek, haur xumea nintzela Konpartsako ateak zabaldu zizkidan. Ehundaka galdaragile, zingara eta bestelako pertsonaiek festa hau handitu zuten; haiei esker ere gaur garena gara.
Otsaileko lehen larunbat honetan beraz ez dira galdaragilerik etorriko Donostiara, baina zalantzarik ez izan paradisuan, zeruan edo Valhallan egongo direla; eta nola ez, gure bihotzetan.
Zuen Erregina Maiestea:
Koxketako Maritxu
Parte Zaharreko Hungariako Galdaragileen Konpartsa Zaharraren erregina, 1884an sortua.