Konpartsako Erreginaren gutuna

Donostiar kaxkariñ kuttunak:

Bi urte izango dira otsaileko lehenengo larunbatean zuek bisitatu gabe. Aurten ere ez gara inauteri alaiaren abangoardia izango. Inauteriak ospatzekotan ere, ziur gaude ez direla iraganekoak bezain alaiak izango. 23 hilabete goibel igaro dira, pandemiak gure bizitzan etenaldia sortu du, eta guztion ahaleginaz aurre egin diogu birus ziztrin honi ahal izan dugun moduan.

Aurtengoa ez da daten arazoa, guri ez zaigu inporta 5ean edo 19an Donostiara etortzea. Guztiz kontrakoa, etortzeko irrikitan gaude! Kontua da, segurtasunez desfilatzeko hainbat baldintza bete behar genituzkela, eta ezingo ginateke gure osotasunean atera. Nire ustez, ezinbestekoa da gure tribu eta gure laguntzaile guztiekin -Bidasoako Txarangako Erraldoiekin, malabaristekin, su-irensle eta Hipikako zalditeriarekin-, Donostiako Parte Zahar maitetik desfilatu ahal izatea, denok baitgara konpartsako beharrezko osagarriak. Denon parte hartzerik gabe, konpartsa ez litzateke bere osotasunean aterako, eta beraz, ez ginateke gu garenak izango. Baina sekretu bat azaldu nahi dizuet, ahalegin guztiak egingo ditugu aurten zuek bisitatzeko, beste data batean bada ere.

Azkeneko bi urte hauetan Konpartsako kide biziki maiteak galdu ditugu. 2020an Txus Santamaria jatorra, Intxaurtze tribukoa galdu genuen. Tribuen bileretako anfitrioi paregabea, maitagarria, apala eta beti laguntzeko prest zegoen. 2021eko maiatzean, bibote aparteko kantari bikaina zen jauna, gure lagun on Carlos Fernández, Gaztelubideko tribuko kideak utzi gintuen. 2021eko amaieran Tomás Hernández Mendizabal, polifazetiko eta artistak agur esan zigun. Hiletan bere semeak gerturatu ginenoi ongi gogorarazi zigun moduan, ezeren gainetik galdaragilea zen Tomás. Tomás gure Konpartsako Ohorezko Galdaragilea zen. Berak hartu zuen Konpartsaren gidaritza eta bere kideekin batera, bultzada indartsua eman zion jaiari. Jai hau garatu zen horren ondoren, eta birusaren moduan, kasu honetan jai-birus alaigarria, auzoetako mugak gainditu zituen zoko guztietako donostiarrak kutsatuz, Hungariako Galdaragileen ospakizuna urrezko letra larriz Donostiako jai herrikoien egutegian idatziz.

Hau guztiagatik, eta Donostiako jai herrikoiekin eta kulturarekin konprometitutako artista gisa egindako ibilbideagatik, herritarren merezimenduaren domina jasotzeko hautagai izan zen Tomás hainbatetan. Nahiz eta herriaren babes handia izan, ez zuen inoiz jaso. Agian, egunen batean hilondoko titulua lor dezake, nork daki!

Ezin dizuet ziurtatu zer dagoen hain ibilbide bitxia den bizitza honen ostean: paradisu bat, zeruetako erreinua edo Valhalla. Nire ametsetan, hiru galdaragile aparta hauek dauden lekuan daudela, Kotian Lucas historikoaren –Tomasen lagun minaren– harrera bikaina jaso dute. Eta azken honen iritsierarekin, ziur naiz guk antolatu ezin izan dugun desfilea antolatzen hasi direla lehen baino lehen. 

Belaunaldi guztietako kide bereziez osatutako Konpartsa da, hala nola historikoak diren Pepe Artola edo Shotero Irazusta (era txandakatuan uste dut) zuzendari izandakoak. Hain laguntzaile izan ziren zartagin nagusiak Jose Luis Perez edo Iñaki Coloma, azken honen omenez egungo tribu batek bere izena darama. Ziurrenenik erregina Lola Balenciaga izango da, dokumentuetan agertzen den lehena, beti ere beste erreginaordeek uzten badiote: Pilar Valdivieso edo Juan Arizpe hain zuzen ere, beren damak gurdi apainduetan doazela, gogoan ditudanak. Ez dira beren hartza hezitzen saiatuko diren domatzaile marmartiak (antzaz behintzat) faltako. Hartza Ramon Arruti izango delakoan naiz; haren seme, biloba eta birbilobak egungo Konpartsan desfilatzen duten bitartean. Ez dira galdaragile petoak faltako, Sacha Arregi edo Musku bezelakoak. Azken honek, haur xumea nintzela Konpartsako ateak zabaldu zizkidan. Ehundaka galdaragile, zingara eta bestelako pertsonaiek festa hau handitu zuten; haiei esker ere gaur garena gara.

Otsaileko lehen larunbat honetan beraz ez dira galdaragilerik etorriko Donostiara, baina zalantzarik ez izan paradisuan, zeruan edo Valhallan egongo direla; eta nola ez, gure bihotzetan.

Zuen Erregina Maiestea:
Koxketako Maritxu
Parte Zaharreko Hungariako Galdaragileen Konpartsa Zaharraren erregina, 1884an sortua.

Hungariako Galdaragileen Lehen Konpartsak, COVID-19a dela eta, bere 2021eko desfilea bertan behera uztea erabaki du

Adiskide maiteok… aurten ez gara lanera joango.

Abendua bukatzen ari da eta oraindik ere osasun krisiak gure artean jarraitzen du.

Joan den otsailean galdaragileen festa guztiz ospatu ahal izan genuen, “Antzinako” gure konpartsa maitearen kolore eta emozio guztiarekin. Handik gutxira, gure bizitzak errotik aldatzea lortu duen birus bat gurutzatu zitzaigun, minaren eta pobreziaren arrasto ezabaezina utziz. Gure bizitza osoa baldintzatzen ari den COVID-19 iritsi zen. 

Datozen hilabeteetarako aurreikuspenak ez dira ziurrak, baina gaur egun, konfinamendu dinamika, jarduera ekonomikoen itxierak eta langabezia, osasun krisia eta, batez ere, gaixo edo jada utzi gaituztenen zerrenda luzean murgilduta gaude. Ez datoz garai atseginak, ez. Lehen txertoak eta sendagai berri batzuk baditugu ere, denok dakigu egoera hau ez dela egun batetik bestera aldatuko.Ikuspegi hau dela eta, uler dezakezue Galdaragileen Antzinako Konpartsa osatzen dugun familia osoaren osasuna eta osotasuna zaintzeko erabaki bakarra hartzera behartuta gaudela; 2021eko otsailaren 6rako aurreikusitako Konpartsa behin betiko etetea. Koherentziaren eta zentzu onaren zentzua dela eta datorren urtean ez dugu gure Konpartsa antolatuko eta ez dugu parte hartuko ere egun horretarako antolatu daitekeen inolako ekintzetan.

Erabaki hau oso zaila eta mingarria da, izan ere, 1884tik Parte Zaharreko kaleetan zehar festaren musika, poza eta ilusioa ekartzen ari garen familia berekoak gara; konpartsa bat non parte hartzen dute zingarak eta galdaragileak protagonista nagusi gisa, festa osatzeko ezinbestekoak diren beste pertsonaiak, hala nola, Erregina eta bere damak, hartza eta domatzailea, gure zuzendariak, Irungo erraldoiak, zaldunak , musika banda, malabaristak eta festarekin bat egiten duten guztiak. Noski, festa ezin da ulertu kontutan hartu gabe harrera egin eta gure ibilbidean laguntzen gaituzten donostiarrak eta bisitariak; eta, apaltasun handiz, edizio bakoitzaren antolaketan eta prestaketan parte hartzen duten eta parte hartu duten guztiak.

Nahiz eta ohiz kanpoko egoera iruditu, azken mende-erdian konpartsak ez baitu urteko hitzordura huts egin. 1884an Donostiara egin genuen lehen bidaiatik joan den mendeko 70eko hamarkadara arte, gure presentzia ez da beti finkoa izan Donostian. Une bakoitzeko errealitate sozial eta politiko nahasiak, baita eguraldi txarrek ere, gure desfilea atzeratu edo bertan behera utzi dute behin baino gehiagotan. Oraingo honetan, COVID-19 izango da arrazoia. Hori bai, iraganean bezala, oraingoan ere, seguru izan Galdaragileen Konpartsa Parte Zaharrean zehar ibiliko dela berriro, eta horrek garai hobeak eta alaiagoak bizitzea ekarriko du.

Espero dugu 2021. urteak gure irribarrea itzuliko duela eta tristura eta oinaze aldi luze hau atzean utziko dugula, pandemia honen zaurietatik errekuperatuko garela eta hemendik urte batera elkar ikusiko dugula gure Konpartsa antolatzen, gure ingudea, zartaginak, panderoak eta ahotsak berriro entzun ahal ditzagun 2022an.

Aldez aurretik zuen ulermena eskertuz, datorren urtean elkar izatea espero dugu. Bitartean, mesedez, zaindu zeuen buruak datorren urtean berriz elkar gure konpartsaz goza dezagun.

Gora Donostia eta Gora Antzinako Konpartsa !!!

Irungo Erraldoien konpartsa omenduko dugu larunbatean

Hungariako Galdaragileen Konpartsa Primitiboa Donostiako Parte Zaharrean izango da larunbat honetan. Bigarrenez, Trinitate plazan hasiko du bere ibilbidea, 21.45ean. Irteeraren ondoren, Santa Mariara abiatuko da eta bertan kanpalekua kokatuko du, 22.15ean. Momentu berezia izango da eta atrioaren akustika aparta aprobetxatuz, konpartsak errepertorio osoa abestuko du. Iazko ediziora arte, kanpalekua Sarriegi plazan kokatzen zen. Ordutegiagaren ikuspuntutik ikuskizuna erakargarri egiteko gogoarekin, konpartsak Trinitate plazan ibilbidea hasi eta kanpalekua Santa Marian kokatzeko apustua egin zuen. Kanpamenduan errepertorio osoa abesteaz gain, Joxean Estebanezek, konpartsaren erreginak, gaurkotasunari erreferentzia egingo dion diskurtso ironikoa irakurriko du.

Gero, 250 kalderero eta zíngara, zartagi, mailu, danbolin eta ingudearen erritmoari segika, Parte Zaharreko kaleetan zehar ibiliko dira, tradizio eta modernitatea batuz. Berritasun bezala, Raimundo Sarriegiren bustoaren aurrean egindako geldialdiaren ondoren, konpartsa Etxague jeneralaren kalera joango da, Ollagorra elkarte gastronomikoaren aurrean abesteko.

Gauerdia igarota, abuztuaren 31 kalera abiatuko dira berriro, ikuskizuna amaitzeko bidean. Amaiera 1.30ean izango da, Koruko Ama Birjinaren kalean, Aizepe, Aitzaki eta Gaztelubide elkarteen aurrean.

Ohiko errepertorioari, Jose Serranoren Alma de Dios zarzuelako Canción Húngara gehituko zaio; pieza Iñigo Vilas tenoreak interpretatuko du.

Omenaldia

Azken hamabost urteetan bezala, aurten ere ez dira faltako Irungo Erraldoi eta Buruhandi konpartsaren zingara eta galdaragile erraldoiak. Gainera, Bidasoako lagunek hiru hamarkada beteko dituzte 2020an, horregatik, Hungariako Galdaragileen Konpartsa Primitiboak omendu egingo ditu.

Larunbat honetan, gainera, Irungo Kaldereroen Konpartsako zenbait kidek astebete aurreratuko dute haien festa –Irunen, otsailaren 8an desfilatuko dute aurten- eta Hungariako Kaldareroen Konpartsa Primitiboarekin ibiliko dira Donostiako kaleetan zehar.