Trinitate plazan abiatuko dugu ibilbidea eta Santa Marian kokatuko dugu kanpamendua

Hungariako Galdaragileen Konpartsa Primitiboa Parte Zaharreko kaleetatik ibiliko da larunbatean. Aurten, azken urteetan ez bezala, ibilbidea Santa Maria basilikan hasi beharrean, Trinitate plazan hasiko du, 21.45ean. Ez da aurtengo aldaketa bakarra: konpartsak, lehen aldiz, kanpamendua Santa Marian kokatuko du. Lekuak duen akustika ezin hobearen jakitun, 2017an konpartsak bere ibilbidea elizan hastea erabaki zuen. Aurtengoan pauso bat haratago joango da eta Sarriegi plazan kokatzen zuen kanpamendua Santa Marian jarriko du konpartsak, 22.15ean –Sarriegi plazan geldialdi bat egongo da-. Horrela, hiritarrei, ordutegiaren aldetik, momentu berezi horretaz gozatzea errazago egingo zaie.

Kanpamenduan gizon eta emakumeentzat konposatutako pieza guztiak abestuko dira eta konpartsaren erreginak, Joxean Estebanezek, gaurkotasunari buruzko ohiko diskurtso ironikoa irakurriko du. Iaz, “ideia berriez” beteriko zuzendaritza berri bat hautatu zuen konpartsak -Ramon Barandiaran eta Miriam Arruebarrena izendatu zituzten presidente eta presidenteorde, hurrenez hurren-, eta ideia horien artean zegoen ibilbidean aldaketak egitea.

Tradizioa eta modernitatea uztartzeko espirituari jarraiki, 250 kalderero eta zíngara Parte Zaharreko kaleetan zehar arituko dira zartagi, mailu eta danbolinekin. Ez dira faltako Irungo Erraldoi eta Buruhandi konpartsaren zingara eta galdaragile erraldoiak, Iparraldeko malabaristak eta musika banda. Ibilbidea 1.30ean bukatuko da Koruko Ama Birjinaren plazan, Ollagorra, Aizepe, Aitzaki eta Gaztelubide elkarteen aurrean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude