Ordutegi berria daukagu! Santa Marian hasiko da desfilea 22.00etan

Parte Zaharreko Kaldereroen Lehen Konpartsak ordutegi berria izango du aurten. Ondorioz, larunbat honetan, otsailak 4, 22.00etan hasiko du bere ibilbidea Santa Maria basilikaren ataritik. Modu honetan, 300 kalderero eta zingarez osatutako konpartsak azken urteetan izan duten ordutegia 15 minutu atzeratuko du.

Konpartsako presidente Peio Arribasen hitzetan, “hasieratik eta gaur arte, Kaldereroen Konpartsak Parte Zaharreko kaleak, donostiarrak eta kanpotarrak Raimundo Sarriegiren abestiak kantatuz eta dantzatuz alaitzeko helburua izan du; aintzina Donostia bisitatzen zuten ijitu tribuak ere gogoratu nahi ditugu, noski”. “Ordutegi berriarekin –jarraitu du Arribasek- hiritarrei afaldu ondoren Santa Maria basilikako atarira hurbiltzeko denbora gehiago ematen diegu”. Hain zuzen ere, aurten ordutegiarekin egin duen bezala, badira zenbait urte Lehen Konpartsak Santa Mariako ataria ezarri zuela ibilbidearen hasieratzat. Presidentearen ustez, “basilika konpartsaren irteera puntu bezala kontsolidatu egin da” eta gaineratu du lekuak duen “akustika ezinhobeak, ikusgarritasun paregabea ematen diola konpartsari”, bereziki, taldean dauden abesbatza kideei “beraien ahotsen kalitatea erakusteko aukera ematen dielako”.

22.00etan ibilbidea hasi ondoren, Kaldereroen Konpartsak kanpamendua Sarriegi plazan antolatuko du 23.00etan. Bertan, kalderero eta zingaren erreginak, Joxean Estebanezek, urteroko diskurtsoa esango du, beti bezala, gaurkotasunari buruzko ironiaz beterik. Ostean, konpartsak errepertorioa osorik jo eta abestuko du. Gerora, kalderero eta zingarek Parte Zaharreko kaleetatik ibiliko dira 2.00ak arte. Ordu horretan, Koruko Ama Birjinaren plazan, Aizepe, Aitzakia eta Gaztelubide elkarteen aurrean, konpartsak bere ibilbideari amaiera emango dio.

300 pertsona baino gehiagok parte hartuko dute desfilean: horietatik 250 kalderero eta zingarak izango dira. Gainera urtero bezala Irungo Erraldoi eta Buruhandien konpartsako bi erraldoiek –kaldereroz eta zingaraz jantzita-, Iparraldeko malabarista talde batek eta musika banda batek Kaldereroen konpartsarekin aterako dira desfilean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude